XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

NAZIO-ARTEKO UNEA

Laboratorioko sozialismoa

Sozialismo itza ta sozialismo dotriña osatu bat ezagutzen ditugun ezkeroztik, au da, emeretzigarren gizaldia ezkeroztik, bi eratako sozialismoak bereiztu izandu dira beti.

Bata sozialismo utopikoa ta bestea berriz zientifikoa.

Zientifikoa behetik gora dabillela esan diteke ta utopikoa berriz goitik behera.

Sozialismo zientifikoa errealitatean finkatzen da eta errealitatean finkatu ta sustraiturik ateratzen ditu bere dotriña ta egite guztietarako ideiak.

Sozialismo onentzat historiak berak erakusten, historiaren sentiduaren barruan dago gizarte berri bat etorriko dela edo ekarriko dela ta ekartze orri gaurko gizarte justizi gabeko onetan menperatuta, ta oinperatuta daudenak bakarrik egin lezateke.

Sozialismo utopikoak ere asko itzegiten du justizi ezaren gaiñean, bere sortzailleak asko mintzatzen dira erriaren sorte txarraren gaiñean, baiñan lehendabizi egiten dutena theorian gizarte ideial bat sortzea izaten da, buruan ordea eta ez errealitatean.

Gero alegintzen dira gizarte ideial ori errealitatera ekartzen baiñan jakiña ez dira beiñere ortara irixten.

Gizarte gaietan behetik gora ibilli beharra baidago ta ez goitik behera utopikoak ibiltzen diran bezela.

Sozialismo zientifikoak ba du tradizio bat, ba du eskola bat.

Orregatik gaur egun zenbat liburu ta aldizkarietan ikasi ta estudiatu liteken gauza.

Orregatik zenbait estudiante ta bere burua pentsalaritzat daukatenak liburu oietan sozialismoa zer den ikasi dutela pentsatzen dutelako utopikoen antzekoak izatera irixten dira.

Zergatik? Erriarengandik aparte bizi diralako.

Aski da XIX'gn.gizaldiko soziologo ta ekonomilari aundienari irakurtzea ori, erriarengandik aparte sozialismoan pentsatzea, zenbaiteraiñoko pekatu astuna den ikusteko.

Pentsalariak ere ba dute bere zer ikusi aundia sozialismo jasotze orretan.

Batez ere erritik ta proletariutzati ateratakoak.

Baita besteak ere, burgesiatik ateratakoak desburgesatzen baldin badira.

Ez itxuran bere baitan baizik.

Erriak sozialismorako burruka orretan aurreratu batzuek behar ditu, aurreratu oiek izango dira bere posibilidadeen kontzientzia erriari emango diotenak, eman obeto esateko esnatuko diotenak.

Baiñan ortarako jakiña kondizio bakarra, erriarekin bizitzea, erriarengan pentsamentua finkatzea.

Baiñan alderdi auetarako zenbait pentsalari ta estudianteak bere artean asko eztabaidatzen dutelako, liburu asko irakurri dituztelako ta guztietzaz gaizki mintzo diralako bere burua sozialista jatortzat dute.

Ta ori sozialista utopikoa izatea baiño okerragoa.

Nere adiskide malizios batek esaten zuen bezela ba dira gure uriburuetan ministro izateko estudiatzen ari diranak.

Gerorako prestatzen ari diranak baiñan jakiña nola sartuko gaur egun eginkizun txikietan eta utikagarrietan!

Baiñan zorionez erriak ba daki otsoa arkume tartetik bereizten.